Andre Mariaren jaiotzari eskainia. Gaur egungo eraikina XVI. mendekoa da. Gainontzeko etxeetatik aparte eraiki zen sute arriskua saihesteko. Erretaula barrokoak XVII. mendekoak dira. 1527an eraikitako Lilitarren kapera eta hilobia gordetzen ditu. Lehen eliza hiribildua fundatu zen garaikoa izango zen, egurrez egina. Denborarekin, biztanleria gora zihoan neurrian, eliza ere hazteko beharra ikusi izango zen. 1549an etxez etxe zabaldu zen sute ikaragarri batek herria eta eliza suntsitu zituen, zutik iraun zuen parte bakarra Lili familiaren hilobi kapera izan zen. Ondorioz, etxeetatik bananduriko harrizko eliza bat egiteko erabakia hartu zen. Berreraikuntza lanak 1562an hasi ziren eta XVII. mendearen hasierara arte luzatu, egin zen azken partea burualdea izan zen. Euskal Herrian XVI. mendean eraikitako parrokia eliza askoren eredua jarraitzen du, Errenazimendu garaiko ideia berritzaileak eta aurreko garaietako kontzeptu gotikoak uztartuz. Hasiera-hasieratik, eraikinaren oinean espazio huts bat utzi zen, bertan eraiki zen kanpandorrea. Hasiera batean, bere silarrizko gorputza elizaren teilatuaren pareraino iristen zen eta handik gorako egitura egurrez errematatzen zen, baina 1735 eta 1741 artean egitura hori harriz eraiki zen eta piramidedun laranja erdi itxurako estalki batekin bukatu.