XVII. mende ingurukoa. Ekialdeko partean, Kristoren irudia ageri da, mendebaldekoan Amabirjina Haurtxoarekin. Tamainaz xumea bada ere, oso bikain landuta dago, bitxikeria bezala, gurutze honen zutabea buruz behera jarria ageri da, seguruenik leku aldaketaren batean kontrako aldera jarri zelako. Erdi Aroaz geroztik herri sarreratan jarri ohi ziren horrelako gurutzeak, mugarri mota bat dira, eta aldi berean, herritarren fedearen adierazgarri bat eta bidaiarien artean fede hori sustatzeko modu bat. Zestoarrentzat gurutzeak esanahi berezia hartzen du Zestoaren fundazio izena Santa Cruz de Cestona izan zela kontutan hartzen badugu. Horrez gain, inguru hau herritarren biltoki puntu garrantzitsua ere bada.